Nontzeberri

Baywaves, Hey Charlie eta Lester y Eliza, Bilboloop jaialdiaren lehenengo egunean

Bilboloop pop, rock eta elektronika jaialdia urriaren 19an eta azaroaren 17an egingo da, ohiko tokian; hots, Bilboko Kafe Antzokian. Antolatzaileek kontzertu nagusietan parte hartuko duten taldeak iragarri dituzte.

Hala, ostiralean, urriak 19, jaialdiaren lehenengo egunean, Baywaves, Hey Charlie eta Lester y Eliza artistek joko dute. Baywaves Madrilgo taldea da, eta bandak berak bere Facebookeko profilean adierazten duenez,”hipnopop” estiloa jotzen dute, alegia, pop hipnotikoa.

Hey Charlie, berriz, Londresen eratutako taldea da. Hiru taldekideak neskak dira eta 1990eko hamarkadan eztanda egin zuen Riot Grrrl mugimendu musikal feministaren jarraitzaileak dira. Hirukotearen sare sozialetan honela jasotzen da: “British grunge pop band”.

Urriaren 19an joko duen azken taldea Lester y Eliza izango da. Laukote bilbotarra da eta Serpiente eta Vulke taldeetako kide batzuek abiatutako indie-pop egitasmoa da. Oraintsu estreinako EPa argitaratu du.

Gogoratu Bilboloop bigarren data batera luzatuko dela, azaroaren 17ra, hain justu. Egun horretan, hauexek arituko dira Bilboko Kafe Antzokian: Le Boom, Dama Scout eta Cecilia Payne. Le Boom Dublin hiriko bikote elektronikoa eta melodikoa da. 2016an eratua, electro, indie, house eta pop doinuak uztartzen ditu.

Dama Scout Londreseko hirukotea da. Art-rock popzalea jotzen du taldeak. Ingalaterrako hiriburuko talde berri nabarmenetakoa da. Indie kutsuko eraginak bikain nahasten ditu pop sentsibilitate berriekin.

Amaitzeko, Cecilia Payne. Laukote bilbotarrak indie-pop kutsuko doinuak jotzen ditu. Luzia (gitarra, ahotsa), Barezi (gitarra, ahotsa), Jone (baxua, ahotsa) eta Ander (bateria) musikari gazteek osatzen dute taldea. Iragan maiatzean estreinako diskoa plazaratu zuten, lau kantuko EPa, Aingeru Malaxetxebarriak grabatua eta Mike Maricoandak ekoitzia.

Horrekin batera, bestelako jarduerak ere ondu dituzte, Off Bilboloop izenburupean; tartean, Ambigú tabernan azaroan ikusgai izango den Imanol Aldonza argazkilariaren erakusketa edo kontzertuen osteko Dj saioak. Informazio gehiago: bilboloop.com.

Exit mobile version