Nontzeberri

“Basatiak” euskarazko filma Euskal Herriko zinema-aretoetan ikusgai

Zinema Euskaraz programaren barruan, publiko orokorrari bideratua dagoen Basatiak filma ostiral honetan estreinatuko da Euskal Herriko hainbat aretotan.

Urte honetan estreinatzen den bigarren film horretan honako istorio hau kontatuko zaigu:  “Borneon, oihan tropikalean kokatutako herrixka batean, bizi da Keria, eta orangutan kume bat aurkituko du aitak lan egiten duen olio-palmondoen landaketan. Natura biziki maite du eta basoa suntsitzearen aurka borrokatuko du, Selai izeneko bere lehengusuarekin batera.”

Filma hurrengo zinema-aretoetan proiektatuko da: Golem Alhondiga (Bilbo), Bastero Kulturgunea (Andoain), Gurea Antzokia (Villabona), Ikusgarri Zinema (Lekeitio), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Golem La Morea (Iruña), Usurbe Antzokia (Beasain) eta Modelo Aretoa (Zarautz).

Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programak, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.

Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere kaleratuko ditu Zinema Euskaraz programak.

Exit mobile version