Lanbarri Kultur Elkarteak, Arrigorriagako Udalaren babesarekin, Umorea Labur izeneko jaialdia antolatu du abenduaren 12tik 17ra. Aurtengoa, jaialdiaren XXI. edizioa izango da.
“Hirugarren Mundu Gerraren aurreko krisi post-pandemikoen garaiak bizi ditugu. Lanbarrin entzungor egiten dugu eta gure irribarrerik onena ateratzen dugu, gure txertorik onena baita, gure armarik onena. Saioetan 50 film labur inguru izango ditugu, guztiak Arrigorriagan estreinatuko direnak, eta baten bat Zaratamon; saio horietan berriz ere emakumeen presentzia handia, euskarazko film laburrak eta talentu asko ikusiko ditugu eta, gainera, lehenengoz Metaversoan murgilduko gara. Omenaldi batekin hasiko gara, Jose Luis Lopez Vazquez omenduz bere jaiotzaren mendeurrenean.”
Hortaz, gaur berton, abenduaren 12an, astelehenean, aurkezpen jaialdia izango da. Hortik aurrera, egunero emanaldi bi egingo dituzte, 18:30ean eta 20:00etan, bertako Lonbo aretoan. Atal ofizialaz gain, asteazkenean, Arrigorriaga eta ondoko herrietako jendeak zuzendu, antzeztu edo egindako film laburrak ikusteko parada egongo da, eta ostegunean, Kolonbiatik datorren umoreaz gozatu ahalko da. Ostiralean, Whabbit 4 Hec, sortzaileei zuzendutako saioa antolatu da. Gainera, umeei zuzendutako iRRIBarri zinema programa jarriko dute martxan.
Sariak erabakitzeko orduan, Maria Cruickshank aktorea, Pedro Mateo Abycineko programatzailea eta Cristina Sancho TARINGA-ko managing-zuzendaria bilduko dira, eta guztira 5 sari banatuko dituzte: umorezko labur onenari saria, ikusleen saria, gaztea saria, zuzendari onenari EHZE saria eta antzezpen onenari saria.
Informazio guzti-guztia hemen kontsultatu ahal duzue.