Nontzeberri

Bardoak txapelketa gaurtik aurrera martxan

Gaur, irailak 13, Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa hasiko da eta aurretik 20 saio egingo dira. Bere azken eguna eta finala urriaren 26a izango da.

Nafarroako taldekako bertso txapelketaren izpiritua auzolanean oinarriturik dago, eta bere helburua bertsoa lurraldeko bazter gehienetara eramatea da, “bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz”.

Lesakako beheko plazan eta Sunbillako Ulibeltzan izango dira taldekako txapelketako lehen bi saioak, gaur bertan. Lehenbizikoan, Hor gu! etxeko taldea eta Errimaren matxinatuak Erronkari-Iruñerrikoa izango dira parez pare. Sunbillakoan, Malerrekako Malerreka ez da Baztan eta Pikutara goaz taldeak izango dira kantuan.Beste saio bat gehiago ere izango da Bardoen lehenbiziko asteburuan, Lizarran.

Edizio honetan 13 talde eta ia 100 parte hartzaile arituko dira ostiraletik aurrera. Aurten -taldekako txapelketaren zazpigarren edizioan- talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira, eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak (Irurtzun, Tafalla, Etxauri, Irunberri, Iruñea eta Tuteran).

Eta diogun moduan, urriaren 26an finala izango da Garesen, eta lehiaz gain, “Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da”.

Badatoz Bardoak!!!

Exit mobile version