Mikel Eskauriazak Baporak, euskal ontzidia Indiako Ozeanoan izenburuko liburua aurkeztuko du gaur, Bilboko Anti Liburudenda, 19:30etik aurrera. Eskauriaza ez ezik, Peio Aguirre, Miren Jaio eta Filiep Tacq ere izango dira, bi testuen egileak eta liburuaren diseinatzailea, hurrenez hurren. Liburua hiru bertsiotan –euskaraz, gazteleraz, ingelesez– plazaratu da.
Baporak liburua arrantzan ari den euskal ontzien argazki-katalogoa da. Itsasontzien irudiok potret piktoriko klasikoen eskema formala jarraitzen dute. “Proportzio konstanteko zeru eta itsaso baten atzealdearen kontra ebakiak ageri diren ontzion forma zorrotzek aurpegirik jartzen ez zaion errealitate bat estaltzen dutela agerian uzten dute aldi berean: ozeanoetan gertatzen dena, ekonomia globalaren zutabe eta oinarri den itsasoko trafiko komertzial bizia”.
2013 eta 2015 urteen bitartean egindako argazkiak dira, eta itsasontzien barru aldeko irudiak eta arrantza uneak ere jasotzen dira, “argazkietan jasotako objektuek iradokitako erreferentzia historiko eta literarioez lagunduta”.
Horrekin batera, egitasmoaren hasieran eta amaieran erreferentzia bera agertzen da, proiektuari osotasuna emateko asmoz-edo: “uharte bakartiaren irudia, espazio utopiko eta hastapen berri baterako aukera gisa”.