Bakioko Udalak, Bakioko Abesbatzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Musika Astea ekimenaren XXXI. edizioa antolatu dute. Uztailaren 14tik 28ra luzatuko da musika zikloa, zazpi kontzertu programatu dituena.
Herri horretako espazio ezberdinetan garatuko da aurtengo egitaraua. Hala, uztailaren 14, 21 eta 28ko saioak Txakolingunean izango dira, 20:00etan, eta, uztailaren 17, 18, 19 eta 20koak, Andra Mari elizan, ordu berean.
Hortaz, Txakolingunean abiatuko da aurtengo Musika Astearen XXXI. edizioa Etxe kantariak eskainiko duen kontzertuarekin. James Room musikariaren txanda izango da hurrengo saioan, eta azken hitzorduan, Mud Candies taldea arituko da.
Uztailaren 17an hasiko dira Andra Mari elizako saioak. Bertan, Anido izeneko gitarra laukoteak kontzertua egingo du. Beste hitzorduetan, Landarbaso Abesbatza, Garbiñe Abendaño sopranoa, Margarita Lorenzo De Reizábal piano-jolea, eta Julene Zenikazelaia rapsoda, eta Elena R. Chamón eta Iñaki Saldaña (piano kontzertua lau eskutara) musikariak eta kantariak jardungo dute.
Talde guztiei buruzko informazio guztia Bakioko webgunean duzue (gaztelaniaz).