Bakioko Udalak, Bakioko Abesbatzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Musika Astea antolatu dute aurten ere. Ekimen honen XXXVII. edizioa dugu dagoeneko. Uztailaren 17tik 20ra bitartean lau kontzertu izango dira Andra Mari elizan, 20:00etan, eta sarrera doakoa eta libre izango da. Musika Asteari amaiera emateko azkeneko emanaldia, folk musikakoa, kiroldegian egingo da, doan, uztailaren 28an.
Hortaz aurtengo programazioa honako hau duzue: uztailaren 17an, Joshua Edelman & Xabi Arakama bikoteak Traditions & Tradizioak izeneko ekitaldi musikala burutuko du. Bihar,uztailaren 18an, Olatz Saitua (sopranoa), Ainhoa Zubillaga (mezzosopranoa), Eugenio Tobalina (gitarra) musikagileek Urrundik izeneko saioa eskainiko dute. Uztailaren 19an, Oñatiko Ganbara Abesbatza hurbilduko da kostaldeko herriraino. Eta uztailaren 20an, Magna Boskotea arituko da.
Azkenik, uztailaren 28an, herriko Kiroldegian, 20:00etan, Iñaki Palacios & The Gael´s talde arituko da.