Cesar Barrio artistak Bakarrik ate guztietatik pasatzen den hori erakusketa paratu du Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean. Azaroaren 9ra bitarte bisitatu daiteke.
Cesar Barriok azken urtean, eta bereziki gune horretarako egindako obra aurkeztu du bertan, guztira formatu handiko 30 bat pieza. Askotariko teknikak erabili ditu, material ezberdinak nahastuz collage eskultopiktoriko handiak sortuz. Artistak berak esan duen moduan, “margolaritzaren materialtasunaren inguruko hausnarketa bat da, azala eta haragiaren eta mihisearen artean dagoen paralelismoari buruzkoa. Pintatzeko ekintzaren helburua azal horren barnealdea eta kanpoaldea nahastea da, eta, aldi berean, pinturan mikrokosmosa eta makrokosmosa ere nahastea. Lortzen diren irudiak mikroskopio batekoen antzekoak zein satelite batek bidaltzen dituenen antzekoak izan daitezke”.
Erakusketarekin batera, honako jarduera hauek egingo dira: egilearen bisita gidatuak, hitzaldiak eta margolaritza, musika eta poesia uztartuko dituen emanaldi bat.
Cesar Barrio (Oviedo, 1971) Madril eta Lisboa artean bizi eta lan egiten du. Arkitekturan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta Iruñean bizi izan zen hamalau urtez. Bere azken proiektuen artean honako hauek daude: Quatro paredes de agua (2019) instalazioa, Espainiako Kultur Ekintzarekin eta Lisboako Udalarekin lankidetzan, eta Rituales del imaginario, Arantzazu Gaur Fundazioarekin Las catedrales de Arantzazu espazioan 2017an egindako egonaldiaren emaitza. Bere obra hainbat herrialdetako bilduma pribatuetan dago, hala nola, Espainia, Portugal, Italia, Austria, Brasil, Mexiko eta Perun.