Joan den astean, Patxi Zubizarretak, Alberdania argitaletxeko lagunekin batera, Julien Vinsonen hegaldia liburuaren aurkezpena egin zuen Donostiako Udal Liburutegian.
Muinean gertakari historikoa du eleberriak (Julien Vinson euskalariak 1875eko martxoaren 29an Baionatik Iruñera globo aerostatikoz egin zuen hegaldia), eta atze-oihal horren aurrean, gaur-gaurko Euskal Herrian gauzatzen den trama ia detektibeskoa (Chiara izeneko euskalari italiarrak, nobelaren protagonista nagusiaren eskutik) txirikordatzen du Zubizarretak, Saturno aerostatoan irakurlea igotzeko, goratzeko eta aireratzeko asmoz.
“Munduan askok bezala, cool edo exotikoa -edo erotikoa- zitzaiolako, 2015ean Chiarak euskara ikasteari ekin zion Boloniako unibertsitateko Lingua e cultura baska departamentuan. Geroago, 2108an, lau asterako Hendaiara etorri zen, Euskal Herrira bere antzera etorritako euskalariei buruzko lan bat egitera. Julien Vinson (1843-1926) Chiarak zerrendan zuen izenetako bat zen: heterodoxoa, gorria, darwinista, euskararen heriotzaren iragarlea; ausarta ere bazen eta parte hartu zuen, Baionan, 1875eko martxoaren 29an egin zuten globo hegaldian. (…)Julien Vinsonen hegaldia nobelak badu poesiatik -globo bat hegan poema bisual baten antzekoa da-, badu narratibatik eta historiatik -zein izan zen bidaiarien benetako helburua?-, badu folkloretik -denon baitan bizitza lokartu bat dago, besteak beste ipuin tradizionalen bitartez esna dezakeguna-, badu linguistikatik -hizkuntza bat ikasteak bi aldiz bizitzeko aukera eskaintzen du: beharbada horregaxetik izan ziren hain ugariak orduko bascologue edo euskalariak-. Simetrietan eta paralelismoetan aurrera, ipuinak eta garaiak txirikordatuz, hemen daukazu Saturno aerostatoa, zu igotzeko, goratzeko eta aireratzeko prest.”