Asier Osinalderen Baina ez lukete han egon behar ipuin liburua eta Tapio Koivukari idazle finlandiarraren Ariasman (Euskal baleazaleen istorio bat) izeneko nobela aurkeztuko ditu Erein argitaletxeak.
Gaur berton, Baina ez lukete han egon behar ipuin liburua presentatu dute. Ipuin-bilduma honetako pertsonaiak amaraun horretan bertan daude harrapatuta, beren beldur eta frustrazioekin, beren amets eta esperantzekin. Patua izan da aurreikusi ezin zuten egoera horretara eraman dituena, une ahulenean erabakitzera behartu dituena, kameraren objektiboaren aurrean irribarre egitera behartu dituena.
“Bakarrik jaio eta bakarrik hiltzen gara. Bitartean, hari ikusezin baten gainean orekari eusten saiatzen gara eta argazkiak ateratzen dizkigute. Gu argazkitakoak izaten saiatzen gara, baina ez gara. Gu argazkiaren atzean dagoena gara, irudiaren ertzetatik kanpo dagoena, eta bizitza ez da lerro zuzen bat, ibili ahala etengabe josten eta askatzen ari garen armiarma-sarea baizik”.
Bihar, Tapio Koivukari idazle finlandiarraren Ariasman izeneko nobelaren aurkezpena egingo dute.
