Nontzeberri

BAFFEST 2023 Emakume Argazkilarien Lehiaketaren finalistak

BAFFEST 2023 Emakume Argazkilarien 8. Lehiaketan finalista izango diren argazkilariak hautatu dira. Guztira 150 lan aurkeztu dira lehiaketan, eta guztien artetik lanik onenak aukeratu ostean, bederatzi finalistek euren lana defendatu beharko dute datorren urriaren 7an. BAFFESTen helburua da argazkilaritza, adierazpen artistiko gisa, herritar guztiei hurbiltzea, eguneroko eremu publikoetan jarritako argazkiak erabiliz, artea eta kultura, berdintasuna eta bizikidetza sustatuz.

Duela gutxi aukeratu dira finalistok, Bilbon eta Donostian egin diren ikustaldietan. Hilaren 9an, San Telmo Museoan (Donostia), estatuko iazko irabazlea izan zen Meritxell Ahicart argazkilariaren aurkezpena entzun ostean, 9 argazkilari finalisten izenak argitaratu dira.
Hauexek: Ana Pecci (Miranda), Carolina Diego (Eritrosina), Dana Balajovsky (Peluche), Eva G. Herrero (La isla de las urracas), Maider Jimenez (Aquí ninguén fala diso), Malu Reigal (Manolete), Miriam Montano (Bilis Negra), Paula Tudela (Das ende), eta Paula Yubero (Papá me llama princesa).

Hurrengo pausua honako hau da: Carmen Dalmauk, Tamara Garciak eta Susana Marrek osatutako epaimahaiak argazkilari baten lana aukeratuko du, eta horixe izango da BAFFEST 2023 Emakume Argazkilarien Lehiaketaren irabazlea. Beste argazkilari baten lana ere aukeratuko da, BARAKALDO 2023 sariaren irabazlea izango dena. Lehiaketako bi irabazleek banakako erakusketa antolatuko dute 2024ko edizioan.

Emakumeek egindako argazkiez gozatzeko jaialdia irailaren 29tik urriaren 31ra egingo da, Barakaldoko hainbat tokitan, eta horren barruan, BAFFEST Argazki Asteburua egingo da urriaren 7an eta 8an.

Informazio guztia: BAFFEST 2023

Exit mobile version