Txomin Badiola (Bilbo, 1957) artista ezagunak erakusketa jarri du Bilboko Carreras Mugica galerian Una entrada, mil salidas (Sarrera bakarra, milaka irteera) izenburupean.
2012ko urtarrilaren 27ra arte zabalik izango den erakusketako obrak zazpi multzotan sailkatu ditu, eta horietako bakoitzaren buru Anxiety saileko grabatu bat da. Testu eta argazkiak batzen dituzten collageak, obra grafikoak eta eskulturak bildu ditu artista bilbotarrak bertan.
Artistak bere sormen-ibilbide osoari buruzko hausnarketa egin nahi izan du narrazio itxura duen erakusketa honekin.
Hala, erakusketaren ardatzetariko bat “forma txarra” da. Izan ere, Badiolak forma onaren aurrean forma txar hori jartzen du aurrez aurre. Horrekin, osoa eta defizitarioa den forma aldarrikatzen du.
Badiolak 2007. urtean erakutsi zituen bere obrak azkenengoz Euskal Herrian, Iruñean, hain zuzen ere. Bilbon, bestalde, 2003az geroztik ez du gaur arte erakusketarik egin. Azken urteotan Jorge Oteizaren lana biltzen duen katalogoa ontzen aritu da.