Nontzeberri

Azpeitian, Euskal Antzerki Topaketak hasi dira

Azaroaren 1ean hasi zen Euskal Antzerki Topaketen 40. edizioa, eta hil osoan zehar makina bat ikuskizun programatu dira jaialdiaren barruan.

Herriye, azpeitiar antzerki zaleek osatutako taldearen lana ikusgai izan da lehen egunetan. Bihar, azaroak 10, Balbea izeneko ikuskizuna egingo du ATX Teatroak. Obra horretan honetaz hausnartu nahi dute: “Egunen batean, momentu bat ailegatzen da non bizitza amaitzen den. Baina prest al gaude hiltzeko? Ez edozein modutan, ez. Duintasunez hiltzeko, egin dugun bizitzarekin konforme, bizitzaren arintasunez kontziente. Hementxe dugu Gregorio, buru eta gorputz ahalmenak gainbehera, bere egunerokotasuna delirio eta errealitatearen artean bizitzen… Munduak ez dio poztasun handirik eman, suminduta dago eta amets bakar bat dauka: badaki bere azken momentua ailegatzear dagoena eta ez du haserre hil nahi.”

Guztira, haur eta helduentzako 11 antzezlan izango dira ikusgai, eta datorren astean, azaroaren 14tik 16ra bitartean, eskola antzerkiaren baitan zazpi emanaldi izango dira herriko txikienen artean antzerkizaletasuna sustatzeko helburuz.

Antzezlanekin batera, Corrado Masacciren txontxongilo erakusketa paratu da, eta azaroaren 1etik 15era bitartean Betharrametako udal erakusketa aretoan izango da ikusgai.

Egunez eguneko programazio hemen kontsultatu ahal duzue.

Exit mobile version