Nontzeberri

Azpeitiako “Arkupehotsak” ekimenean izen-emateko epea zabalik

Azpeitiako Kulturaz kooperatibak Arkupehotsak ekimenenaren bidez musikari berriei plaza bat eskaini nahi die.

“Sortzaile askok hilabeteak daramatzate eszenatokira igotzeke, are gehiago talde txikien kasuan. Baina txikitik egiten den inurri lana izaten da funtsezkoena. Eszenaren iturririk aberatsena da, anitza, gertukoa eta muinetik sortutakoa delako. Eta, ez idortzeko, mimoz zaindu beharra dago. Badakigu egoera dela eta lan gehiago ekarriko duela ekimena garatzeak, pazientzia eta indarra beharko ditugula, baina Sanagustingo arkupea soinu berrian plaza izaten jarraitzea nahi genuke. Aurreko edizioan bezala, izen-emate epea irekia izango da.”

Ekimenaren helburuak oso argiak dira: musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea; herriko, eskualdeko eta oro har Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea; euskarazko sorkuntzarako baliabideak  jarri eta euskal musikari hedapena ematea; musika sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea; eta inguruan dauden sortzaileak balioan jarri eta euren jardunerako tresnak eskaintzea.

Ideia da Azpeitiako Sanagustin kulturguneko programazioaren baitan modu jarraian kontzertuak eskaintzea, asteburuetan. Parte hartzen duten taldeak aukeratzeko orduan euskaraz kantatzea kontuan hartuko da, eta abesten den hizkuntza edozein izanik ere euskarak lehentasuna izango du aukeratzerakoan. Gainera aukeratuak izango diren taldeei kontzertua emateko abagunea, ekipamendu osoa, afaria eta promozioa eskainiko dizkiete, eta bidaia gastuak ordainduko dira. Horretaz gain, talde bakoitzaren kontzertuko abesti batekin zuzeneko bideoa grabatuko dute eta kontzertu bakoitzaren argazki album bat egingo da.

Informazio guztia: www.kulturaz.eus

Exit mobile version