Apirilaren 27tik ekainaren 23ra, Azkuna Zentroko Zinematekak Aldaketaren ahotsa. Emakumeek zuzendutako zinema zikla du martxan. Ekimenak ikus-entzunezko sorkuntza garaikidean emakumezko zuzendariek izandako gorakada aztertuko du. Zikloan honako zuzendarien lanak ikusiko dira: Nadine Labaki, Carla Simon, Dominga Sotomayor, Clara Roquet, Lynne Ramsay, Eliza Hittman, Julia Ducournau eta Dea Kulumbegashvili.
“Emakumeak kameraren bi aldeetan egon dira zinema arte gisa sortu zenetik. Horietako askok eragin handia izan dute, bai beren teknika berritzaileengatik, bai filmetako gaiengatik, baina ez dira beti ezagutzera eman. Ziklo berri honetan, Zinematekak zinemagile horietako batzuen aukeraketa bat aurkezten du, eta, filmografia hasiberri batekin, beren ahalmen eta talentu guztia erakusten dute.”
Aldaketaren ahotsa. Emakumeek zuzendutako zinema zikloa hil honetan amaituko da, eta lau film ikusteko abagunea luzatuko da. Hala, ekainaren 1ean eta 2an, Lynne Ramsay zuzendariaren En realidad nunca estuviste aquí (2017) izeneko filma pantailaratuko da. “Joe (Joaquin Phoenix), marine ohia eta gerrako beterano ohia, gizon bakartia da, eta denbora ematen du sexualki esplotatutako emakumeak salbatzeko ahaleginetan. Ez du lagunik ez maitalerik, eta horrela irabazten du bizitza, neska gazteak emakumeen trafikatzaileen atzaparretatik erreskatatuz.”
Hil honetan ikusi ahal diren beste proposamenak honako hauek dira: Never, Rarely, Sometimes, Always (Eliza Hittman, 2020), Crudo (Julia Ducournau, 2016), eta Beginning (Dea Kulumbegashvili, 2020).