Nontzeberri

Azkuna Zentroak “Bideotik” programaren edizio berria jarriko du abian

Azkuna Zentroak bideo-sorkuntzako BIdeOtik programa jarriko du abian bihar, otsailaren 4an, eta martxoaren 25era arte luzatuko du.  Aurten, lehenengo aldiz deialdi publiko bat dakarren formatu berri batekin garatu da, izan ere, 2019ko urriaren 25etik abenduaren 22ra bitartean, 300 proiektu baino gehiago aurkeztu ziren eta horien artean zortzi saiotan proiektatuko direnak aukeratu dira.

Programa honen helburua “ikus-entzunezko sormen, arte eta kultura sorkuntza bistaratzea da, kultura eta gizarte mailan sortzeko, gogoeta egiteko eta eraldatzeko tresna bezala, mugitzen diren irudien eta arte digitalaren bitartez hizkuntza berriak erabiltzea sustatuz. Orobat, ikusleen eta sortzaile horien artean elkar topatzea bilatzen du”.

Saioetan egileek parte hartuko dute eta ikusleekin bere proiektuko prozesuak partekatuko ditu, “ikus-entzunezko sorkuntzaren eta gizartearen artean” lotura bilatu nahian. BIdeOtik deialdi publikoaren bitartez hautatutako dokumentalak nahiz komisariatuak erakutsiko dira.

Lehen saioa, bihar bertan izango da, otsailak 4, asteartea, 19:00etan. Hainbat film erakutsiko dira: Woman, Raul De La Fuenterena; Born In Gambia, Natxo Leuzaen; eta Brothers in Syria, Víctor Suarez Ballesterosena. Lan horietan guztietan, “ekoizpena eta sormen artistikoa lankidetza humanitarioarekin lotuta doaz, errepresio edo indarkeria egoeran bizi diren edo jatorrizko herrialdeetako gatazka egoeretatik ihes egin behar izan duten herritarren errealitateak azalduz”.

Datozen asteetako saioak, ordutegiak eta bestelako informazioa, hemen duzue.

Exit mobile version