Azken erromantikoak izeneko lana pantaila handietan ikusteko aukera izango da hilaren 15etik aurrera. Miren Gaztañaga, Maica Barroso eta Erik Probanza aktoreak David Perez Sañudoren zuzendaritzapean aritu dira film zoragarri hau burutzeko.
Lanaren sinopsia hauxe duzue: Irunek, joera hipokondriakoak dituen emakume zalantzati eta bakarti batek, herri industrial bateko fabrika batean egiten du lan. Iruneren bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: bere lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat, eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Iruneren oreka hauskorra apurtu egingo da bularrean koskor bat detektatzen diotenean eta, aldi berean, lan-gatazka bati aurre egin beharko dio. Orduan, emakumearen bizitzak ustekabeko norabide bat hartuko du: baliteke ez jakitea, baina betidanik itxaron duen aukera aurrez aurre izango du orain.
Kritikaren arabera, Azken erromantikoak film argitsua da, bizitzak batzuetan eskaintzen digun bigarren aukera bati buruz mintzatzen dena, eta gainditzeari, adiskidetasunari eta maitasunari buruz hausnartzera bultzatzen duena.
Azken erromantikoak Txani Rodriguezek idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapena da. Lanak Euskadi Literatura Saria eskuratu zuen.