Iurretako Udalak antolatu du Auzorik Auzo musika programa bertako auzo eta ermitetara musika eramateko asmoz. Guztira, hil honetan hiru ikuskizun antolatu dira.
Larunbatean, martxoaren 4an, abiatuko da programa Hibai Etxebarria musikari gernikarrarekin. Kasu honetan Goiuria ermitan arituko da bere azken lana aurkezten: Harizko zubiak. Berarekin Leire Pikabea biolinean eta Eñaut Zubizarreta biolontxeloan arituko dira.
Martxoaren 18an izango da hurrengo kontzertua, eta kasu horretan, Mikel Inuntziaga Inun kantaria arituko da San Marko auzoan. 2014an hasi zen Inunen ibilbidea. Berreginez eta Da Nola lanak argitaratu eta gero, Mikel Inunziaga kantariak lan borobila aurkeztu zuen: Aingurak. Inunek Jon Benitoren Aingurak erreketan poematik hartu zuen titulua, izan ere, “poema hura irakurri nuenean pentsatu nuen: hauxe musikatu egin behar dut”. Eta hala izan da. Benitoren hitzekin batera beste idazle eta lagun batzuen hitzak jaso zituen disko artesanal hartan, tartean, Iñaki Mendizabalenak edota Iñigo Astizenak. Azken idazle horrena da harrera paregabea izan zuen Piztia zaurituak izeneko kantaren letra. Harrezkero ez da geldirik egon eta kanta berri mordo bat konposatu du, beti ere, zuzeneko fresko eta dinamikoak eskaintzeaz gain.
Auzorik Auzo musika programaren azken hitzordua Esti Markez abeslari gipuzkoarrak jarriko du apirilaren 1ean. Zita horretan, bere bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du: Hitzekin jolasean.