Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azokak aurtengo edizioaren sariak banatu ditu. Lasala, Amer i Àfrica, Kolektiv Lapso Cirk eta Barsanti konpainiak saridunak izan dira.
Xabina Claverie, Hameka Kaleko Arteen Fabrikako arduraduna (Luhuso); Laura Etxebarria, Bilboko La Fundición aretoko eta bertako La Temporada, Dantzaldia eta Lekuz Leku Jaialdietako Zuzendari-kidea; Borja Ruiz, antzerki zuzendari, antzezle, pedagogo eta ikerlaria; Nando Piñeiro, Egia-Gasteszena-Donostia Kulturako programatzailea; eta Anna Giribet, FiraTàrregako Programazio teknikaria izan dira epaimahaikideak.
Sariak ematerako orduan hainbat iritzi gailendu dira besteen gainetik. Epaimahaiak Lasala taldearen Microclimate lanari Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren Saria eman dio. “Ikuskizunari, hiri ingurunea, ikus-entzuleak interpretazio koreografiko paregabea ikustera daraman agertoki bilakatzeagatik eta atmosfera hipnotikoa sortzeagatik” saritu du.
Kataluniako Amer i África konpainiak Kale Ikuskizunik Onenaren Saria jaso du Envà obragatik, eta sariaren arrazoia honetan datza: “ikuskizunari, zirkua, birtuosismoa xumetasunarekin eta gizatasunarekin batera agertzen den lengoaia bilakatzeagatik, horretarako objektu berrien erabileraren ikerketa, hiri ingurunea eszenarako arkitektura gisa eta ikus-entzuleen berezko inplikazioa integratuz”.
Italiako Kolektiv Lapso Cirk konpainiarentzat izan da Artista/ikuskizun berri Onenaren Saria Ovvio lanagatik “ikuskizunari, oreken bitartez, elkarren arteko konfiantzan eta konplizitatean oinarrituta dagoen eta arriskua, sotiltasuna, dotoretasuna eta orijinaltasuna uztartzen dituen eta itxuraz xumea eta xaloa den jolasa planteatzeagatik”.
Azkenik, epaimahaiak Barsanti Konpaniari eman dio Aipamen Berezia Kale Gorrian obragatik, eta Zanguango Teatro konpainiak Umore Azoka Leioa 2018 Ohorezko Saria jaso du bere 25 urteko ibilbideagatik.