BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiak abian du Mendi Tour zikloaren hamargarren edizioa, eta aste honetan Iruñea bisitatuko du ekimenak. Hala, otsailaren 3tik 6ra arte, bertako Golem zinemetan, 2024ko jaialdiak sarituak eta hautatuak izan ziren eskalada, alpinismo, mendi lasterketa, muturreko eski, edo dantza bertikalari buruzko lanik ikusgarrienak ikusteko abagunea izango da.
Betiko legez, pantailaratuko diren filmak oso ikusgarriak izango dira. Geuk horietatik bi nabarmenduko ditugu: Janire Etxabe dantzari euskaldunaren Haize lerroak film magikoa. Janire Etxabek, 4 urteetan zehar Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza lerroak dokumentatzen ditu. “Amets batek, sentimendu batek aldatu daike paisaia? Dantza bertikala probatu neban momentutik argi izan neban bide honetan jarraitu gura nebala. Geure etxean, mendietan, hegaz, zintzilik. Definitzen ez dan sentimenduaren bilaketa etengabean”.
Eta Eliza Kubarska zuzendariaren The Last Expedition (2024, Polonia), non Wanda Rutkiewicz alpinistaren benetako istorioa kontatzen den. “Lurreko gailurrik garaienak igo zituen lehen emakumea izan zen, eta lehen poloniarra. Gizasemeen erreinu zen hartan sartu zen, mendi garaien giro gogorrean, eta garesti ordaindu behar izan zuen azkenean. Duela 30 urte desagertu zen. Haren gorpua ez zen inoiz aurkitu, monastegi budista batera erretiratu ote zen ere zabaldu zen. Wandak ahotsez grabatu zuen egunerokoan oinarrituta, filmak haren ibilbidea eta misterio hura aztertzen ditu. Reinhold Messner, Krzysztof Wielicki eta Carlos Carsolio mendizale entzutetsuen testigantzak ere biltzen ditu, baita hurbileko zituen bi emakumeenak ere: Janina Fies ahizpa eta Marion Feik managerra”.
Egun ederrak mendiarekiko pasioaz gozatzeko. Programazio osoa ikusteko: Mendi Tour