Nontzeberri

Aurtengo “Hatortxu Rock” jaialdia Internet bidez

Hatortxu Rock aspaldian jaio zen euskal errepresaliatu politikoen egoera salatzeko bozgorailu gisa eta dispertsio politikak presoen senideengan sortzen dituen gastu ekonomiko ikaragarriak samurtzeko.

Urtero milaka lagun bildu ohi dira Hatortxuko kontzertuetan, baina aurten dena oso anormala izaten ari da, eta osasun krisi larriaren eraginez, “ezingo dugu ohiko elkartasun jaialdia antolatu”, baina beharra inoiz baino handiagoa denez, abenduaren 26an, Hatortxu Rock jaialdiaren 24. edizioa antolatuko dute, baina bakoitzak bere etxetik gozatu beharko du, izan ere online izango da.

“Musika izango da protagonista, baina baita kulturaren beste esparruetako erakusleak ere izanen dira gurean. Modu honetan, hainbeste urtetan gure alboan izan diren musikari guzti horiei haien ahalegina itzuli nahi diegu egoera zail honetan, benetan zerbait berezia taularatuz”.

Parte-hartzaile asko izango dira aurten, tartean, Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian, Gorka Pastor, Xabier Solano Maiza, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Alberto Sanzol, Ivan Carmona, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Alex Sardui eta Idoia Hernando.
Talde batzuek ere kontzertuak eskainiko dituzte, hala nola, Zetak, Anestesia, Herdoil, Koban eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina.

“Aurten Internet bidez jarraitu beharko da Hatortxu Rock jaialdia, baina, zinez, mereziko duen zerbait eskaintzera gatoz” esan dute antolatzaileek.