Nontzeberri

Aurtengo “Bidaiarien Txokoa” programak prest du egitaraua

Bilbon egiten den Bidaiarien Txokoa programa, martxoaren 27tik apirilaren 4ra iritsiko da Begoña eta Santutxu auzunetara, eta betiko legez, hitzaldi, dokumental eta erakusketa interesgarriekin gozatzeko parada eskainiko du. Aurtengo edizioa kontzertu batek, emakume bidaiariei buruzko liburuaren aurkezpenak eta ipuin kontalariek osatuko dute.

Diogun moduan denetarik izango da, eta hala, hitzaldietan, Roberto Moso eta Roge Blasco bilduko dira Blascoren ibilbideko unerik onenak errepasatzeko. Saio honek zabalduko ditu programaren ateak, eta hilaren 27an izango da, Begoñako Udaltegian.

Horretaz gain, Maialen Lopezek eta Iñaki Goikoetxeak Hego Amerikako bederatzi herrialdetan barrena egin duten ibilbidea kontatuko dute; Pedro Alonsok bizikletaz bidaia prestatzeko eta ustekabekoei aurre egiteko moduaz hitz egingo du; eta Alberto Ceberiok segurtasunaz hitz egingo du mendi-ibiliak egiterakoan.

Programazioaren barruan bi erakusketa antolatu dira: Latidos de la Tierra: Viajes a los volcanes en la literatura da eta Dibujando silencios.
Beste aldetik, Begoñako Udaltegira, Desnivel Sariaren finalista izan zen Mujeres que mueven montañas lanaz berba egiteko hurbilduko da Begoña Santos idazlea.
Musika ez da faltako, eta Tangos, de Buenos Aires a Bilbao kontzertua bertan ere antolatu da, Iñaki Hernaiz porteñoaren ahotsarekin eta Ander Marzana pianoarekin batera.

Eta nola ez, Mendi Film Festival jaialdian parte hartu duten dokumentalak ikusteko aukera ere egongo da, eta iazko jaialdian aurkeztutako hainbat lan pantailaratuko dira, tartean, Jaime, 2024ko Film Labur Onenaren Saria.

Bidaiaren Txokoaren gaineko zehaztasun guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Exit mobile version