Lehenago nobela laburren lehiaketa zenak iaz aldatu zuen formatua, beka bihurtzeko, batetik, eta eleberri normalak bultzatzeko, bestetik. Deialdi hartan Joxean Agirre idazle zarauztarra suertatu zen irabazle, eta udazken honetan kaleratuko da beka honen laguntzari esker ondu duen nobela, Zwei Frauen (bi emakume) izenburua izango duena.
Orain zabaltzen da epea idazleek beren proiektuak bidaltzeko. Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu. Partehartzaile bakoitzak, bere benetako izena agerian jarri gabe, ondorengo agiriak aurkeztu behar ditu bere proiektuarekin batera:
Landu nahi duen kontakizunaren azalpena (lau kopiatan), 2.000-5.000 karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
Idazlanaren lagina edo erakusgarria (lau kopiatan), 15.000-30.000 karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
Gutunazal itxia (ale bakarra), kanpoko aldean idazlanaren izenburua izango duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun-agiriaren fotokopia.
Proiektuak, 2011ko irailaren 1a arte bidal litezke helbide honetara:Augustin Zubikarai Saria. Euskara Zerbitzua. Ondarroako Udala.48700 Ondarroa.
Argibideak Ondarroako Udalean eta Elkar argitaletxean.