Tabakaleraren eta EITBren eskutik, euskarazko soinu-fikzioa sustatzea helburu duen Audiogile Berriak egitasmoaren hirugarren edizioaren irabazlea, Oier Bravoren Lehendabiziko ordua, entzungai dago EITBren GUAU audio plataforman.
Ikus-entzunaren korapiloa hauxe da: “gerra lehertzear da eta Ane aitona erreskatatzera abiatuko da, kaosaren, biziraupenaren eta traizioaren artean”. Lau ataleko ekoizpena da Haritz Leteren zuzendaritzapean eta Sara Cozar aktore zuzendari dela. Biak ala biak aritu dira aktore lanetan, Nerea Sanz, Ramon Agirre, Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Karmele Larrinaga, Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia, Egoitz Sanchez eta Nahikari Beltzarekin batera.
Eta dagoeneko euskarazko audio fikzioa bultzatzea helburu duen Audiogile Berrien laugarren deialdia martxan da. Lanak aurkezteko epea zabalik dago (abenduaren 30eko 12:00ak arte) eta, aurrekoen ildotik, fikziozko hiru audio-gidoi proiektu onenak (bideragarritasun eta kalitate aldetik) garatuko dira, gidoi bilakatu arte. Horietako lan bat ekoitzi eta zabalduko du EITBk eta 2027ko maiatzaren amaieran emango du epaimahaiak erabaki horren berri.
Hiru finalistek 2.000 euroko dirulaguntza jaso eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko egonaldi bana egiteko aukera izango dute Tabakalerako Zine eta Ikus-entzunezko laborategian. Bertan goi mailako profesionalekin arituko dira lanean; aurreko edizioetan, besteak beste, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Jose Antonio Pérez Ledo, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria izan dira tutoreak.
