San Telmo Museoak antolatzen duen Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak egitasmoak papergintzaren artisautza izango du ardatz aurten. Apirilaren 12ra bitarte, gai honen inguruan erakusketa eta jarduerak izango dira museoan.
Papergintza bizirik mantentzen eta beren teknikak eta ezagutzak helarazten lan handia egiten duten zenbait maisu artisau izango dira bertan: Marino Ayalaren erakustaldi bat eta helduentzako tailer bat, Miriam Loidi eta Julia Lasak eskainitako helduentako tailer bat, Aranzadik eskainitako bi familia tailer eta Juan Barbéren hitzaldi bat.
Gainera, papera egiteko prozesuan erabiltzen diren pieza hauek daude ikusgai: zenbait landare-zuntz eta paper-oreak; kotoizko piltzarrak; Itsasondoko Ibarra errotako egurrezko turbina; burdinezko iltze edo pieza zorrotzak; laborategiko aska holandarra, Legorretako Echezarreta paper-fabrikakoa; zurezko terreina bat eta orriak egiteko erabiltzen ziren tamaina ezberdinetako moldeak,….
Atzokoak gaur programa 2018an hasi zen, eta aurreko edizioetan lihoa, artzaintza, gaztaren elaborazioa, saskigintza, txokolategintza eta musika tresnak izan dira gai nagusiak. Proiektuak lanbide tradizionalak ezagutzen eta zabaltzen lagundu nahi du: teknikak eta lan egiteko moduak, erabilgarritasuna, lotutako ohiturak, horiek garatzen dituzten pertsonak.
