Nontzeberri

Asteburuan finalaurrekoetako fasea, Nafarroako Txapelketan

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak, asteburu honetan jokatuko dira, larunbatean Berriozarren eta igandean Lesakan. Saio bakoitzeko irabazlea, martxoaren 28an Elizondon jokatuko den finalera pasako da zuzenean. 

Berriozarreko Herriko Entzun-aretoan bilduko dira Jon Barberena baztandarra, Julio Soto gorritiarra, Eneko Fernandez lesakarra, Iñigo Olaetxea lesakarra, Alazne Untxalo iturendarra, eta Sarai Robles barañaindarra.

Martxoaren 8an izango du segida finalaurrekoetako faseak. Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, arratsaldeko 17:30ean honako sei bertsolariak arituko dira kantuan: Aimar Karrika auriztarra, Ander Fuentes Itturri zubietarra, Julen Zelaieta beratarra, Xabier Terreros lesakarra, Amaia Elizagoien oronoztarra eta Kotte Plaza iruritarra.

Berriozarren bezala, Lesakan ere saioa irabazten duenak zuzeneko sailkatzea lortuko du finalerako eta gainontzeko bost bertsolariek martxoaren 15ean Burlatan jokatuko den hirugarren eta azken finalaurrekora arte itxaron beharko dute puntuazioz finalistak diren jakiteko.

Exit mobile version