MUSIKA

Asteburu honetan hiru kontzertu Elorrioko “Musikaire” jaialdian

Abuztuaren lehen egunetara arte Musikaire jaialdiak ikusgarriz beteko du Elorrio herria. Asteburu honetan hiru kontzertu interesgarri programatu dituzte bertan.

Antolatzaileek honela definitu nahi izan dute jaialdia: “Musikaire da ezohiko jaialdi bat; eta bere programa, mazedonia moduko bat. Mazedonia honetan nahasten dira osagai oso ezberdinak, beti erakargarriak eta kalitatezkoak; nahasten dira baita arte motak eta jatorriak ere.
Eta zerbitzatzen da aire irekian (udako gaugiro sorginetan) Elorrioko hiriak gordetzen dituen paraje zoragarrietan. Eta Elorrioko kaleetan ondare artistikoa garrantzitsua da oso. Horregatik, ondare hau udako gauetan bihurtzen da musikaz gozatzeko eszenario ezin hobea.
Badirudi turismoa dela urrun joatea, errekan behera, itsasorantza. Baina paradisua egon daiteke berton eta mendiz inguratuta. Elorrio, esaterako, paradisua bihurtzen da udaro. Sasoi honetan eskuzabal eskaintzen dituelako naturaren ederra eta arkitekturaren lilura, historia eta aire irekiko kultura, bisitak eta bizipenak. Hau guztia errekan gora, urrun barik. Kultura kalean eta doan, edonoren esku, guztion gozagarri. Zu barne”.

Diogun moduan, asteburu honetan honako emanaldiak dituzue ikusgai: 23an, The Cuban Jazz Syndicate eta bere latin jazz; 24an, Petti kantariak  Manipulazio estrategiak lana haizatuko du; eta 25ean, Audience taldeak Tolesdurak aurkeztuko du.

Egitarau osoa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.