Nontzeberri

Asteburu honetan amaituko da Poltsiko Antzerki Jaialdia Donostian

Asteburu honetan amaituko da Donostiako aurtengo Poltsiko Antzerki Jaialdia, non Donostiako auzoetako taberna eta lokaletan, formatu txiki eta ertaineko antzerki-ikuskizunak erakusten diren. Ekimenaren helburua “gune eszeniko tradizionaletara joateko ohitura handirik ez duten ikusleei ere antzerkia hurbiltzea da”.

Aurtengo programazioan 16 konpainiak 31 emanaldi taularatuko dituzte; horietatik 8 konpainia emakume hutsez osatutakoak dira, 4 gizonezkoenak eta beste 4 mistoak. Emanaldiak hiriko 27 gunetan banatu dira eta guztiak 19:00etan izango dira.

Aurtengo proposamenen artean, Poltsiko Antzerki Sorkuntzako Amahiru taldearen Igogailu batean amaitu zen mundua lan irabazlea, eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson antzezlan finalista izango dira.
Hain zuzen ere, aipaturiko azken pieza hori, Adriene Bergson-Johnson, gaur berton ikusteko aukera egongo da. “XXI. mendeko garai likido eta ilun hauetan, Adriene Bergson-Johnson texastar enpresariak argia ikusi du eta euskal kultura salbatzeko prest da. Munduan zehar proiektu izugarrietan aritua, bere kudeaketa teknika arrakastatsuak partekatzera dator, gure herria goi mailara itzularazteko”.

Larunbatean amaiera-festa egingo da, eta bertan, barrez lehertzeko bi ikuskizun programatu dira: Gurutze Beitiaren Yo y mis circunstancias eta Antton Telleriaren, Ninini.
Halarik ere, 25ean, antzerkiaz gozatzeko azken aukera ere izango da.

Xehetasun guztiak: Poltsiko Antzerki Jaialdia.

Exit mobile version