Nontzeberri

Asteburu honetan amaituko da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia

Abenduaren 5etik 14ra arte, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiak mendiari eta abenturari buruzko filmik kitzikagarrienak eraman ditu pantailara. Asteburu honetan azken saioak izango dira.

Aurtengo Mendi Filmen egoitza bakarra izan da, eta Euskalduna Bilbaon egin dira emanaldi eta jarduera guztiak. Hasiera Ekitaldia larunbatean egin zen, ostiralean egin beharrean, eta egun horretan, abenduaren 6an, hitzordu berezia izan zen, Javier Álvaro Palomares zuzendariak ondu duen Juanito Oiarzabali buruzko pelikularekin.
Baina horretaz gain, Euskaldunan beste 55 pelikula ikusi dira, horietako 45 Sail Ofizialean, eta beste hamarrak lehiaz kanpoko Zabalandi sailean.

Mendi Film jaialdiak 24.800 euro banatuko ditu, 12saritan banatuta. Eta Iñigo Aristegui artista donostiarrak sortutako garaikurrak jasoko dituzte irabazleek. Aurten, Edurne Pasaban komikia kaleratu da, Sua Argitaletxeak eta Mendi Filmek elkarrekin abiaturiko bilduman, euskal mendizaletasunean giltzarri diren uneak eta pertsonaiak nabarmentzeko.

Azkenen egun hauetan oso kontu interesgarriak egongo dira. Adibidez, gaur, hilak 12, arratsaldeko 16:00etan, Janire Etxabek Geure(R)A dantza bertikala jorratzen duen lehen liburu ilustratua aurkeztuko du Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldia solasaldi moduan egingo da, eta bertan, Toti Martínez de Lezea idazleak, Eli Azurmendi ilustratzaileak eta Juantxo Zeberio musikariak hartuko dute parte.

Biharkoa saioetan oso film interesgarriak izango dira, tartean, Alfonso García zuzendariaren Un día al año, eta Jonathan Glassbergek zuzenduriko Girl Climber filmak. Lehenengoan Atxarteko inauteriak dira protagonista, bai eta eskalada eta bizitzarekiko pasioa ere. Emily Harrington eskalatzaile profesionala da bigarren filmaren protagonista. Eta gogoratu igandean filmik onenak pantailaratuko dituztela non stop saio batean.

Hortaz, egunotan mendiari buruzko makina bat ikusgarri dituzue oraindik.

Exit mobile version