Gaur hasiko da Bilboko Kalealdiaren XVIII. Edizioa; irudimenez betetako kaleko arte eszenikoko lan asko ikusteko parada egongo da uztailaren 1era arte.
Egunotan kaleko antzerkirik interesgarriena etorriko da Bilbora, eta zirkua, musika, txotxongiloak eta objektuen antzerkiaren 58 emanaldi izango dira Bizkaiko hiriburuan. Guztira 27 konpainiek hartuko dute parte: sei Euskal Herrikoak, eta 18 atzerrikoak, Frantzia, Portugal edo Danimarkakoak, bestek beste. Horretaz gainera, beste hiru konpainia Estatuko gainerako lekuetatik etorriko dira. Euren lanak ohikoak diren Areatzako, Plaza Barriko eta Arriaga Plazako agertokietan aurkeztuko dituzte, eta baita Casilda Iturrizar parkean ere. Aurten ere zirkuko karpa handia instalatuko da parke horretan, eta bertan zabalik egongo diren beste lau agertokiekin batera. “Hiriko gune berde hori kaleko arte eszenikoez gozatzeko aire zabaleko antzoki gisa finkatuko da”.
Euskal konpainia askok hartuko dute parte: Deabru Beltzak, Dikothomia, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizola. Ikusgarri bilakatuko diren obren artean, aipatzekoak dira Les Frelots konpainiaren Comme un petit air d’ antan, Cie Rêveren Impact, edo Fille d´Hestia zirku ikuskizuna eta Pizza Participative. Bivouac konpainia frantziar ospetsuak A corps perdus zirku eta dantza ikuskizuna eskainiko du.
Deabru Beltzak konpainiaren eskutik etorriko da musika eta kaleko antzerkia uztartzen dituen Su à feu ikuskizuna, danborrek, dantzak eta suak lagunduta. Shakti Olaizolaren Baldin bada; Eva Guerreroren El fin de las cosas dantza garaikidea; edo Hortzmuga taldearen Femmes obra izango dira beste proposamen batzuk.
Noiz, non eta zer jakin nahi baduzue, programazio guztia duzue hemen.
