Martxoaren 25etik 29ra, Gernikako Lekuek Festibala musikaren, kulturaren eta sormen independenteen topagune bihurtuko da berriz. Programazioan kontzertuak, aurkezpenak, dokumentalak, tailerrak, DJ saioak eta kale ekimenak uztartuko dira. Aurtengo edizioko ekitaldiak hainbat lekutan gauzatuko dira: Lizeo Antzokia, Astra, Iparragirre, Kult Parnasoa, Aterpe, Gaztetxea, Libera, Pasilekue, Alai, Zeppelin eta beste hainbat espaziotan, baita kaleetan ere.
Programazioak rocka, punka, reggae-a, psikodelia, elektronika edo fusio garaikideak uztartuko ditu, eta kartelaren izen nabarmenak izango dira, tartean, Mourn, indie-rock eta post-punk eszenako talde sendoenetako bat; Olaia Inziarte, euskal musikaren ahots bereizgarrienetako bat; Guadalupe Plata, blues eta rock gordineko erreferentea; Xiberoots, reggae eta euskal sustraiak nahasten dituen taldea; eta Janus Lester, azken urteetan euskal eszenan indar handiz agertu den proiektua.
Horiez gain, Sistema de Entretenimiento, Caballo Muerte, Campamento Rumano, Aposapo, Akëer, Saguxar, Konpost, Nestter Donuts, Skanderani, Taghufi, Vuelve Ferralla, Kolpeka, Katiuskak, baita Pelma & Luis Selektorrak, Gaizka Insunza eta Lua Matheus & Rodrigo Mota ere bertan izango dira.
Festibala martxoaren 25ean hasiko da Lizeo Antzokian, Manolo Kabezabolo musikariarekin.
Informazio guztia: Lekuek
