Iruneko Golem zinemetan, aste honetan, Ecozine zinemaldiaren emanaldiak antolatu dira. Apirilaren 13, 14, 15 eta 16an lau film proiektatuko dira.
Aipaturiko saio hauek baino lehenago, martxoaren 30ean, 31n eta apirilaren 1ean DBHko, Batxilergoko eta heziketa-zikloetako ikasleei zuzendutako gazte-atala izan zen. Baina diogun moduan, sail ofizialari hasiera emango zaio gaur berton, hilak 13.
Gaurko saioan, All Birds Sing Beautifully izeneko filma izango da protagonista. Dokumentalak gainbehera azkarrean dauden hegazti-espezieak ditu ardatz, eta zehazki horien populazioak Letonian eta Europa osoan. Zer da txori bat letoniar batentzat? Sinbolo mitologiko bat, izaki bizidun bat, floraren zati bat, edo bere hurkoen gainean txio egiten duen artista bat? Kultura eta natura elkarrekin bizi al daitezke? Eta txoriak norenak dira?
Aste honetan ikusiko diren beste film batzuk honako hauek dituzue: Eîdòn, Rapa eta Shifting Baselines.
Saio hauetan jaialdian lehiatuko diren nazioarteko dokumentalak eta film laburrak proiektatuko dira, eta saio bakoitza amaitzean, topaketa bat egingo da filmaren ekoizpenean parte hartu duten kide batzuekin, bizitako esperientziak eta jorratzen dituzten egoerak partekatzeko.
Jakingarri guztiak: Ecozine
