Bilboko Arte Liburu Azoka (BALA) abenduaren 13tik 15era egingo da Bilboko La Granja kafe-taberna zaharrean. Bertan, ale artistikoen erakusketak, aurkezpenak, hitzaldiak, tailer espezializatuak eta kontzertuak antolatu dira.
Asteburu batean, publikoak argitaletxe, fanzine eta artisten lanak ezagutu eta erosi ahal izango ditu, eta horretarako, BALAk 40 stand izango ditu, non nobedadeak eta askotariko materiala eskainiko dituzten. Izan ere, liburuak eta komikiak, laminak, fanzineak, cassetteak, kamisetak eta abarreko material bereziak erosi ahal izango dituzue.
Besteak beste, Voltaire Lab, Mabel Esteban zeramikaria, Brillo Editorial, Jan Barceló serigrafoa, Arte Mistoen Laborategia eta Nagore Legarreta argazkilaria bezalako proiektuen aurkezpenak izango dira programan.
Gainera, aurtengo edizioan nazioarteko hainbat artista eta talde izango dira bertan, hala nola Nina Izycka (Polonia), Lupemacanudo (Bolivia), Julie Legrand (Frantzia), Lafat Bordieu (Txile) eta Neoglyphic Media (AEB).
Joseba Irazoki edo Ibon RG musikarien kontzertuak programatu dira, bai eta Maria Urcelay mikro-antzerkiaren zuzeneko emanaldia ere.
Jarduera paralelo gisa, ostegunean, Euskal Irudigileak elkartearen 20 urteei buruzko erakusketa bat inauguratuko da Atxuriko Voltaire.lab serigrafia tailerrean.
Azokak Banizu Nizuke, Adela.Iau, Smoke Signals Studio, Naubis liburu-denda, Srta. Antonia, Siarte Ed., Fritanga Fanzines, Lula Simon, Federica Bau, Culebra Ediciones, Petra Tatuajes, Hibernando, Bajocalle Gráfika, Kaixo Con Amor, Noctis Photo, Rodillo edo Lafat Bordie argitaletxeak eta proiektuak bilduko ditu, besteak beste.
BALA Banizu Nizukek antolatzen du eta Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du.
Egitarau osoa: BALA