Zinemazaleek eta arkeologiazaleek Bidasoko Nazioarteko Arkeologia Zinemaldiarekin (FICAB 2023) izango dute zita bat azaroaren 13tik 18ra arte. Programazio erakargarriak 30 bat film labur eta luze bilduko ditu.
Zinemaldirako aukeratutako filmak hiru emanalditan banatuko dira. Sail Ofizialekoak astelehenean bertan hasiko dira, hilak 13, 17:00etan eta 19:00etan, Amaia KZko hitzaldi aretoan eta auditoriumean hurrenez hurren, eta, sail horren beraren barruan, ostiral eta larunbatean ere izango dira saioak, 11:00etan, baita mahai inguruak ere, memoria historikoaren inguruan. Goizeko emanaldiak, Hezkuntza Sailekoak, berriz, asteartean hasiko dira, hilak 14: Amaia KZko auditoriumean emango diren film laburren ziklo bat izango da. Azkenik, beste urte batez, itsas arkeologiarekin zerikusia duten filmak Donostian emango dira, Aquarium museoan: zinema arkeologikoaren gaineko maratoi bat izango da, eta, emanaldiaren ondoren, beste mahai inguru bat egingo da.
Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten, Zinemaldiari bukaera emateko eta sariak banatzeko ekitaldia oso berezia izango da; besteak beste, Irulegiko eskua eta Indiana Jones eta azken gurutzada pantailaratuko direlako.
Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIII. edizioko sariak hauexek dira: Zinemaldiko sari nagusia (2.000 €); Ikusleen sari berezia (1.000 €); Hezkuntza Saileko saria (750 €); eta Dibulgazio zientifikoko Arkeolan saria.
Eguneroko programazioa hemen kontsultatu ahal duzue.