Nontzeberri

Aste honetan abiatuko da Iruñean, “Bertsoaroa”

Azaroaren 5ean hasiko da 30. Bertsoaroa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolaturik. Aforoak mugatuta egingo dira saioak.

Birusak gauzak zail jarri baditu ere, zikloa antolatzeko apustuari heldu diote aurten ere Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Eta horretarako bertsolaritzaren aniztasuna erakusteko zazpi emanaldi ondu dira, azaroaren 5ean hasi eta azaroaren 26ra arte luzatuko direnak.

Azaroaren 5ean jaialdi berezi batek abiatuko du zikloa. Oholtza gainean izango dira 1991ko lehen Bertsoaroan kantuan aritutako bi bertsolari, gaur egungo bi nafar bertsolari gazterekin batera. Azaroaren 10ean, Koplariak koplari  izeneko hitzaldi musikatua eskainiko dute Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek. Azaroaren 11an, gazteen bertso saioa ondu da.
Iazko Lanku Beka eskuratu zuen Bertsolaritzaren genealogia feministak izeneko saioa azaroaren 17an izango da, emakume bertsolarien historia lehen lerrora ekarriko duena.
Azaroaren 21ean, Bertso jasa, bat-bateko jolasa izeneko haurrentzako tailerra izango da Mendillorriko Civivoxean. “Haurrak, jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta horiei erantzunez saioa eskainiko diete bi bertsolarik”.
Azaroaren 24an, Haatik konpainiaren Errimak bi oinetan emanaldia programatu da. Konpainiak “bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtu du, eta atzoko eta gaurko hainbat bertsolariren errimak baliatuz, ikuskizuna eskainiko dute bost dantzarik”.
Azaroaren 26an emango zaio bukaera aurtengo Bertsoaroari, eta ohiko gisan, beste bertso jaialdi batek itxiko du zikloa.

Xehetasun guztiak, hemen.

Exit mobile version