Gaur, hilak 2, 19:00etan, Asisko Urmenetak Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du Sorgina, banaiz! dokumentala. Filma ikusi aurretik eta ostean Asiskorekin solastatzeko aukera izango du ikuslegoak.
Lanaren titulua nahiko argia da, Euskal Herriak historian pairatu dituen sorgin-ehizen gaia tratatzen du.
Sinopsia irakurtzeak merezi du: Duela bost mende, 1525eko ekainaren 19an, Errege Kontseiluak Nafarroako Pirinioetan “sekta sataniko” bateko bost kide exekutatzeko agindua eman zuen. Epai hura izan zen euskal sorginkeriaren aurkako jazarpen gupidagabearen abiapuntua. Mendeetan zehar, inkisidoreek eta legelariek asmatutako kontakizun bakarra gailendu da: akelarreetan deabruarekin elkartzen ziren sorgin hegalarien mitoa.
Asiskok zuzendutako lan honek ez du fikzio erromantikorik edo fantastikorik bilatzen; aitzitik, bidegabekeria hura pairatu zuten errugabeei izen-abizenak jartzea eta duintasuna itzultzea du helburu.
Filmean zehar, mito inkisitorialak nola eraiki ziren eta gaur egun irudi horiek nola erreproduzitzen edo deseraikitzen ari diren aztertzen da. Horretarako, Euskal Herriko hainbat txokotan (Zugarramurdi, Anotzibar, Senpere…) filmatu da, eta nazioarteko zein bertako adituen testigantzak jaso dira, besteak beste, Michelle Zancarini-Fournel (Lyongo Unibertsitatea), Amaia Nausia historialaria (NUP) eta Sophie Houdard (Sorbonako Unibertsitatea).
Hortaz, emanaldiak “egia historikoa aldarrikatzeko eta gure arbasoek pairatu zuten sarraskiari buruzko kontakizun berri eta zintzoago bat jasotzeko” aukera paregabea izango da.
