Liburu-CD formatuan plazaratu du Asier L. I. musikariak Oro Bat lana, bere hirugarrena. Aurretik Errotik (from the root) plazaratu zuen 2012an, eta Entelekia, 2013an. Asierren musika klasikotik edaten du, baina pop eta esperimentazioaren esparruetara ere egiten du jauzi, ausart eta minimal.
Diskoa gorputzaren inguruan ardazten da. Asierren hitzetan, “hausnarketa orokor horren baitan, beste hainbat gogoeta egiten dituzte abestiek eta, aldi berean, esparru narratibo bat garatzen du disko osoak, pertsona baten bizitzako pasarte batzuk hain zuzen”.
Bere egitasmo musikalaren harira, Asierrek honela deskribatzen du: “Musikari dagokionez, mendebaldeko musikaren historiako hainbat baliabide erabiltzen dira, beti ere nire iragazkitik pasata. Bertso, beste kulturetako abeskera, eskala eta erritmoak ere barneratzen saiatu naiz”.
Diskoak 13 pieza biltzen ditu, eta Asierrek (ahots eta piano) ez ezik, beste bi musikarik ere parte hartu dute: Fredi Pelaez (Hammond organoa) eta Iñaki Telleria Barrena (perkusioa).
“Frediren Hammond-aren erabilera orokortuak hauen instrumentaziorako posibilitateak ustiatzera eraman ninduen eta bilatzen nuen nolabaiteko abstrakzioa sortzera. Perkusioari dagokionez, Iñakik atondutako set ederrak, nolabait, kolore aniztasunera garamatza, disko guztian zehar, neurtu eta dosifikatua”.
Asierrek Irungo Oiasso Museoan aurkeztuko du grabazio berria, martxoaren 24an. Miatzaren 5ean, halaber, Donostiako Lugaritz Kultur Etxean izango da, eta uztailaren 14an, Beasaingo Igartza Jauregian.