Nontzeberri

Asel Luzarragak bere liburu ideologikoena plazaratu du

Utopiaren itzalak liburuaren aurkezpenean idazleaz gain, Mikel Soto Txalapartako editorea, eta Fernando Morillo idazlea izan dira. Ekitaldian jende asko bildu da.

Txileko gobernuak maputxe herriaren aldeko jarrera aktiboa izateagatik espetxeratu zuen Asel Luzagarrak luze hitz egin du bere liburuaren inguruan. Idazlanak abiapuntu bikoitza dauka. Batetik, berdintasunaren inguruan idazleak lagun batekin Mundakan izandako eztabaida, "daukagun berdintasun eredua mantentzeko zenbat baliabide xahutzen behar diren", eta bestetik CGT sindikatuko kide bati entzundako ekonomiaren kolapsoa kontzeptua.

Bi ideia horiek kontatzeko autoreak "mozorroa" sortu behar izan du, eta horretarako intrigara jo du, "ukitu beltza dauka nobelak, genero beltza ez den arren, intriga bai dagoela, alegia, irakurleari gustagarri izateko jantzia, baina niretzat jantzi horren azpian dagoena da garrantzitsuena".

Hala, gertuko inguruetara hurbildu da Luzarraga, Mundakara, -harreman estua dauka kostaldeko herri horrekin, egun bertan bizi da-, eta Bilbora, hain zuzen. "Nire inguruan kokatu naiz, gauza unibertsalak kontatzeko". Liburuan junkie ohi baten istorioa jorratzen du, "gizarte junkie-a da gurea, kontsumismoaren junkie-a". 1992 urtean kokatu du kontakizuna, "Expo eta Olinpiaden urtean": Josuk, Eskorbuto taldeko izenkide miretsia hil den egunean, desintoxikazio zentroa uzten du eta Artur osaba enpresariarekin harreman berria, "eraikitzailea", hasiko du. Josuren amak, gainera, bere buruaz beste egin du, eta aita ez du ezagutu hilda baitago."1992 urteaz gain, askotan mitifikatu diren 80ko hamarkadako ajeak ere agertzen dira, hala nola, punk eztanda eta Rock Radikal Vasco. Nire garai kutunak dira, bizipen asko, baina itzal asko ere bai, esaterako drogak, zeintzuk sarraski itzela eragin zuten Mundakan, Bilbon eta Bermeon", azaldu du idazle anarkistak.

Hausnarketa ideologiko handia duen liburua dela esan du Aselek, erreferente askorekin, besteak beste, George Orwellen 1984 nobela distopikoa, edota teoriko anarkisten aipuak, tartean, Bakunin edo Proudhon. "Nire nobela ideologikoena da, anarkistena; mundua aldatzeko errezetarik ez dudanez, galderak eta zalantzak pizten saiatu naiz".

Azkenik, iragarri du Txilen sufrituriko kartzelaldian beste liburu bat hasi duela eta egun nahikoa aurreratuta daukala.

Nontzeberri

Exit mobile version