Nontzeberri

“Artxibo Biluzia” obra Arriaga Antzokian

Martxoaren 12an, Metrokoadroka kolektiboaren Artxibo biluzia oholtzaratuko da Loraldia Festibalean, Arriaga Antzokian, 19:30ean. Obrak Joan Mari Torrealdai atxilotu zuten eguna erabiltzen du inspirazio iturri gisa, horrexegatik, obra hasi baino lehen, Lorea Agirre Joan Mari Torrealdai figurari buruz mintzatuko da, hobeto ezagutzeko helburuarekin.

Ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkiaren mugetan mugitzen den pieza da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen: dokumentua akzioaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian.

Eszenatokian Intza Alkain eta Javi Barandiaran arituko dira, eta antzezlana aurrera doan bitartean aktoreek pertsonaiak alde batera utziko dituzte eta benetako Intza eta benetako Javi izango dira oholtzaren gainean.
Eszenatokia biluzik egongo da. Aktoreez aparte ez da elementu askorik aurkituko, atzealdeko horman proiektatutako irudiak besterik ez. Sinplea, biluzik, baina indartsu.

Diogun moduan, Artxibo Biluzia hobeto ulertzeko, euskal kulturgintzaren, gure kulturaren, eragilerik inportanteenetariko baten bizitza eta lana ezagutzeko aukera izango da.

Exit mobile version