Bilboko Guggenheim Museoak Art&Music programa eskainiko du uda honetan, zehazki abuztuaren 19ra arte.
Hona hemen kontzertu-ziklora joateko gonbitea: “Astero, erlaxatu Museoko terrazan zerbait hartuz zuzeneko jazz musikak inguratzen zaituen bitartean. Zero kilometroko zenbait bandak zur eta lur utziko zaituzte beren erritmo eta nortasunarekin”.
Gaur berton, uztailak 22, Abraham de Román Quartet taldea arituko da. Abraham de Román saxofoi-jotzailea, konpositorea eta jazzean espezializatutako irakaslea da. Sevillan jaioa, EAEn bizi da 2005az geroztik, eta goi mailako jazz titulua atera du Musikenen. Bere ibilbidean zehar, Donostiako Jazzaldian, Gasteizko Jazzaldian edo San Javierko Nazioarteko Jazzaldian aritu izan da, eta kontzertu ugari eman ditu Espainian, Frantzian eta Holandan. Taldeak jazz tradizioa, inprobisazioa eta musika egiteko modu propioa uztartzen ditu.
Uztaileko azken kontzertua (29an) Guillermo Elizaga Quartetek egingo du. Abuztuan, Guggenheim Museoaren oholtzatik Aiama Trio (abuztuak 5), Andoni Aizpuru Quartet (abuztuak 12) eta Yuriy Yaremko Trio (abuztuak 19) pasatuko dira.
Xehetasun guztiak: Art&Music
