Nontzeberri

Artiumek erakusketa berriak iragarri ditu

Gasteizko Artium Arte Garaikideko Zentro-Museoak erakusketa berrien zerrenda iragarri du. Hasteko, urriaren 5ean Haritik Tiraka egitasmoa aurkeztuko du.  Zentro-Museoak bere hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu duen Artium Bildumaren erakusketa-proiektua da.

Izenburu horrek beste hiru erakusketa biltzen ditu: Atrakzioen muntaketa, Erraiezko arima eta Ispilu irudia. Hiru erakusketen abiapuntua «haritik tiraka» ari den Jorge Oteizaren eskultura berbera da. Homenaje a Velázquez izenekoa, hain zuzen ere.

Bestalde, urriaren 16an eta abendura bitarte Beatriz Olabarrieta artistak zientzia fikzioari buruzko lana garatuko du abendura bitarte, Praxis izeneko programaren baitan. Bilbotarrak norberaren erreplikazioa edo robotika bezalako kontzeptuek izango ditu aztergai.

Urriaren 6an, halaber, Eta zuk, zer bildumatzen duzu? hezkuntza erakusketa inauguratuko dute. Ikusgai izango da 2013ko ekainaren 29a bitarte. Erakusketa honen bitartez, bildumazaleek euren altxorrak erakutsi ahalko dituzte.

Egun berean eta 2013ko apirilaren 1a arte, Gasteizko zentroaren hamar urteko ibilbidea jasoko duen ARTIUM (2002-2012): irudia eta dokumentazioa Liburutegi erakusketa izango da ikusgai. “ARTIUMen jatorritik gordetako irudi guztiak abiapuntu harturik, ibilbide kronologiko bat antolatu da Museoaren erakusketa eta jardueretan barrena, jarduera horiek antolatzeko, kudeatzeko eta zabaltzeko erabili den informazio guztia eskainiz. Dokumentazio hau edukien kudeatzaile birtual baten bidez ikusi ahal izango da”.

Azkenik, Artiumen eraikinaren ekialdeko fatxadan Grey Flag margolanak ikusi ahalko dira abendura bitarte.

Exit mobile version