Aurten 20 urte beteko ditu Artium Museoak, eta data horren inguruan hainbat ekimen antolatu dira, tartean, Itziar Okariz artistaren performance bat, Nestor Basterretxearen obrak museoko plazan ikusteko aukera, eta irakurketa partekatuak.
Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, duela 20 urte (apirilaren 26an) ateak zabaldu zituen, eta data hori gogoan hartuko dute aste honetan.
Lehen ekimena, Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin lotuta, Irakurketa partekatuak saioa izango da. Arte eta kultura garaikideko testuen irakurraldi publiko bat egingo da, eta artearen eta kulturaren arloko profesionalek hartuko dute parte. Egun horretan, Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta –praktika esperimentalak Euskal Herrian (1957-1979) erakusketaren kariaz argitaratu den Pentsatzeko leku bat argitalpenaren hainbat testu irakurriko dira.
Horren ostean, Itziar Okariz artistak 2. kapitulua, V. W. izeneko performancea eskainiko du, 18:30ean. Ikuskizun horretan, artistak behin eta berriz irakurriko du Virginia Wolfen Gela bat norberarena lanaren pasarte bat, eta errepikapen bakoitzean hitz bat kenduko du. Beraz, errepikatu ahala, testua urrituz joango da, erabat desagertu arte.
Azkenik, museoaren kanpoaldean, Nestor Basterretxearen lau obra bisitatuko dira. “Formatu handiko lau eskultura dira, altzairuzkoak eta polikromatuak, itxuragatik hilarri tradizionalak gogorarazten dutenak”.
Datu gehiago Artium Museoaren webgunean duzue.