Nontzeberri

Artium Museoak aurtengo erakusketa programa ondu du

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak urte honetako programazioaren ardatzak zabaldu ditu. Hortaz, 2021eko ardatz nagusiak izango dira: emakume artistak aldi baterako erakusketen programan eta Bilduman sartzea, eta baita ondare publikoa kontserbatzea eta ikertzea ere.

Horretaz gain, aurten, Artium Museoak arte- eta hezkuntza-praktiken arteko loturak aztertuko ditu. Horretarako, “hirurogeiko hamarkadaz geroztik Euskal Autonomia Erkidegoan artearen eta pedagogiaren arteko gurutzaketak eta trukeak jorratzen dituzten bi erakusketa kolektibo egingo dira, eta artearen ikasketak elementu eraldatzaile gisa duen gaitasunari erreparatu izan dioten esperientzia historikoak ekarriko dira gogora”.
Testuinguru horretan, eta Tabakalera KGNZrekin elkarlanean, JAI (praktika artistikoetarako Institutua) ikasketa-programaren bigarren edizioa egingo da.

Ikus-entzunezkoek ere protagonismo berezia hartuko dute, eta artistek eta zinemagileek ekoitzitako filmak erakusketa-gune berri batean (Z aretoan) erakusteko proiektu bat jarriko da abian. Maiatzean hasiko da, nazioarteko artista talde batekin, eta guztiak Museora etorriko dira bisitan.

Aipaturiko aldi baterako erakusketak honakoak izango dira: Moyra Davey (Toronto, 1958) eta June Crespo (Iruñea, 1982) artistenak. Orain, Artium Museoak Juncal Ballestín (Gasteiz, 1953-2015) artistari eskainitako erakusketa du abian. Martxoan, A2 Aretoan, Katinka Bocken (Frankfurt am Main, 1976) erakusketa monografikoa aurkeztuko da. Maiatzean, berriz, Xabier Salaberria (Donostia, 1969) artistaren erakusketa irekiko da A1 aretoan. Udazkenean, Txaro Arrazolari (Gasteiz, 1963) eta Mariana Castillo Deballi (Mexiko Hiria, 1975) eskainitako erakusketak izango dira ikusgai.

Horretaz gain, martxoan aurkeztuko dira Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian Bildumaren erakusketarekin lotutako funtsen eta azterketa-kasuen lehen txandakatzeak. Eta udazkenean, aipatutako erakusketaren inguruko bigarren berrikuspenak hartuko du A0 aretoa. Eraikitzen ari den bilduma denez, Museoak ondare historikoaren kontserbazioari garrantzia ematen dio, eta, aldi berean, azken urteotako artista esanguratsuen praktika garaikideak ekoizten eta proiektatzen ditu. Testuinguruak programan ondokoen erakusketak izango dira hurrenez hurren ikusgai: Daniel Llaría (Errioxa, 1985), Nadia Barkate (Bilbo, 1980) eta Lorea Alfaro (Lizarra, 1982).

Programazio osoaren zehaztasunak hemen irakurri ahal dituzue.

Exit mobile version