ARTEA

Artistekin elkarrizketa zikloa, Montehermoso Kulturunean

Montehermoso Kulturuneak, Zas Kultur elkartearen eskutik, Interakzioak zikloaren lehenengo edizioa abiatuko du aste honetan. Saio guztiak Montehermoso Kulturuneko Ortuño aretoan izango dira 19:00etan, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Zikloa horren zeregina da “arte garaikidea publikoarengana hurbiltzea, eta sormen-prozesuak eta lan-metodologiak ingurune hurbilean eta irisgarrian aztertzea, sortzaileek beraiek gidatuta”.
Ekimenean artista gonbidatu bat izango da bertan, eta Zas Kultur taldeko kide batek elkarrizketatuko du. Publikoaren parte-hartze aktiboa ere bermatu nahi da, eta horretarako espazio ireki bat sustatuko da, galderak egiteko eta arte garaikideari buruzko eztabaida sortzeko.

Parte hartuko duten adituen hautaketa egiteko orduan aniztasuna hartu da kontuan, eta jaioterriarekin duten lotura ere bai. “Hiriarekin duen lotura hori beren obra eta ikuspegien haria da, eta orain topaketa hauetan partekatuko dute”.

Lehen hitzordua urriaren 3an izango da, eta Itzal García EHUn Arte Ederretan lizentziatutako irakaslea eta artista izango da protagonista. Bere lanak “izaera intimista eta ekofeminista du, eta bekak eta egonaldiak jaso ditu. Itzalen lanaren ardatza denboraren joana erregistratzea da, beraren bizitza eguneroko oinarrizko ekintzen eta esperientzien artxibo bihurtuz.”

Datozen hitzorduetan parte hartuko duten beste artistak honako hauek dituzue: Jon Gorospe (urriak 24), Nuria Pérez (azaroak 14), Gala Knörr (azaroak 28), Mel Arranz (abenduak 5) eta Pepo Salazar (abenduak 19).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button