Nontzeberri

Artista bisitariak datoz Tabakalerara

Donostiako Tabakalera zentroak Bisitariak programa abiatu du. Programa horren bitartez, hainbat artista eraikin horretako Sukaldetik igaroko dira, eta euren egitasmoak aurkezteko parada izango dute; horretarako, zentroko baliabideak erabili ahalko dituzte.

Hasteko, urriaren 29an, Barbara Ryckewaert argazkilari eta bideogilea Sukaldean izango da, Hendaiako NEKaTOENEan hasitako bitartekaritza eta sorkuntza erresidentziaren erakusle gisa. Egonaldi horrek ahalbidetzen du publikoaren partaidetza egitasmoan txertatzea. Proiektua ikuspuntuaren eta behaketaren ingurukoa da.

Urriaren 30ean, berriz, Ainara Elgoibar izango da, eta Gold 20 izenburuko egitasmoaren berri emango du. Lan hori Tuterako Guardian Industries Corp. Konpainiak egindako bideo industrial bat da.

Azaroaren 6an, Sandra Cuestak Pastora y marinera. Piernas, (ahora) en tu sangre ikus-entzunezko lana aurkeztuko du; eta abenduaren 12an, June Crespok bere azken lanen nondik norakoak azalduko ditu, Crespok eskultura jorratzen du, baina oso ikuspegi zabalarekin; alegia, ensamblage, collage eta kamerarik gabeko argazkigintzarekin lotzen du eskultura.

Informazio gehiago: tabakalera.eu.

Exit mobile version