Nontzeberri

Artea gertakizuna denean

Azpeitiko Kulturaz kooperatibak DOI erakusketa programa jarri du abian erakusketa zenbaiti leku egiteko. Jonathan Escaparena izan zen lehenbizikoa, Pello Ulaziarena bigarrena, Jokin Guridirena hirugarrena, laugarrena Irati Antiarena, bosgarrena udazkenean, Nora Alberdirena izan da, eta joan den astetik, Azpeitiko Foru Ibilbideko erakustaretoan, Maider Azurmendi Arotzena artistarena dago ikusgai: Errotik.

Hausnarketa eder honen bidez erakusketaren gaineko hainbat bat pista jaso dezakegu: “Askotan esan izan da artistak begirada berezia duela, munduari begiratzeko moduak egiten duela bat artista, batez ere, baina beharbada bat artista egiten duena, munduari begiratzeko modua baino, munduari erantzuteko aukeratzen duen bidea da. Bizi duen guztia destilatzea da bat, eta tantaz tanta ematen den hori beste bat. Ze batzuek tantaz tanta edo litroka listua, odola eta behazuna ematen dute, eta artistak, aldiz, bere onena: poesia, artea”.

Maider Azurmendi sinetsita dago artea erabakiak hartzen joatea dela. “Arte sorkuntzak dirauen denbora tartean gertatzen diren sentsazioak edo sentipenak gerora gauzatuko den objektu artistikoaren parte banaezina dela ulertzen dut. Hala ere, sorkuntza prozesuaren misterio guztiak konprenitzea ez da asmo hutsala. Artelanaren bilakaeraren aurrean zentzumen guztiekin, adi, erabakiak hartzen joaten da.”

Abenduaren 8ra bitartean ikusi ahalko duzue aipaturiko erakusketa.

Exit mobile version