Nontzeberri

Artea argazkilaritzaren bidez: Chema Madoz

Kutxa Kultur Arteguneak Chema Madoz. Ars Combinatoria izeneko erakusketa abiatuko du.  Azaroaren 5era bitartean, egungo argazkigintzaren sortzailerik interesgarrienetako baten  lanak ikusteko abagune bikaina izango duzue.

Chema Madoz (Madril, 1958) argazkilariaren ikuspegi poetikoek elementuen arteko harreman ezkutuak erakusten dituzte, eta leiho bat irekitzen dute mundua hobeto ulertzeko.
Kutxa Kultur Artegunearen hitzetan, “objektuekin lan egiten du eta hainbat modutara egiten die aurre: objektu aurkitua, aldatu gabekoa, objektu manipulatua eta bere estudioan asmatu eta eraikitako objektua. Artistak objektuen eskultoretzat du bere burua, argazkilari baten ikuspuntutik lantzen baitu bere obra. Izan ere, bere esanetan, argazkilaritza da ideiak finkatzen laguntzen dion memoriaren erregistroa.
Prozedura ugari erabiltzen ditu; hala nola kondentsazioak, asoziazioak, alboratzeak, desplazamenduak, ars combinatoria eta objektuen ustekabeko bat-egiteak. Desplazamendu, metamorfosi, konbinazio edo objektuen arteko harremanen bilaketa horretan, halaber, badago halako arintasun bat jolasaren ideiarekin lotzen dena”.

Erakusketa horren bidez, Chema Madozen obraren ezagupen sakona lortuko du ikusleak.  “Artistaren ibilbidea bere osotasunean hartuko du, eta bere obrak gaurdaino izan dituen askotariko faseen ikuspegi zabala eskainiko du”.

Xehetasun guztiak Kutxa Kultur Artegunean.

Exit mobile version