Nontzeberri

Arte Sortu Berrien Areto arrakastatsua

Aste buru honetan, Durangokoaz gain, 51 artista gazteren lanak egon dira ikusgai Getxoarteren hamaikagarren ekitaldian. Zenbaki guztiak diote arrakastatsua izan dela, izan ere, 9.000 bat lagun egon dira Getxoarte 2011n. Erakusketa igandean amaitu zen eta hiru egunez 51 artista gazteren lanak egon dira ikusgai. Artistak, galeristak eta artearen hainbat profesional bildu dira arte berrien topagune bilakatu den erakusketa horretan.

Originaltasuna, freskotasuna eta ausardia izan dira parte hartzaileen lanen ezaugarri nagusiak. Halaber, aurten ere konfirmatu da erakutsitako obren kalitatea gora doala eta gaur egungo artearen joerak jarraitzen dituztela.

Lanen aberastasunaz, heterogeneotasunaz eta bitxitasunaz gain, artista gazteek erakutsi dute erakustokien lekua eta beren eskura izan dituzten baliabideak ondo aprobetxatzen dakitela ahalik eta itxurarik erakargarriena lortzeko. Honek adierazten du partaideen profesionaltasun maila handia dela, nahiz eta artisten batez besteko adina 21 eta 25 urte artekoa izan. Horietako askorentzat publikoaren aurrean beren lanak erakutsi dituzten lehenengo aldia izan da.

Oraingo honetan ere, Arte Berrien Aretoak artisten eta publikoaren partaidetza bultzatzen duen ekimena dela erakutsi du. Bisitariak inolako oztoporik gabe mintzatu ahal izan dira artistekin erakutsitako obrez. Horri esker sortzaileen eta publikoaren arteko harreman zuzenak sortzen dira eta hau ez da batere ohikoa mota honetako erakustaldietan. Halaber, hainbat artistak beren lehenengo salmenta profesionalak egiteko aukera izan dute.

Getxoartek arte berriak zabaltzeko foro bat izatea izan du asmo nagusi ekimen hau sortu zenetik. Azken urteotan erakustaldi hau sendotu egin da eta artista gazteen lanak bultzatzeko helburua ondo betetzen ari da. Arte Sortu Berrien Aretoan, artista berriak ezagutzera emateko, katalogo bat ere argitaratzen da.

Aurten, lehenengo aldiz antolatu dira bisita gidatuak eta haurrentzako tailerrak. Horietan 200 umek baino gehiagok parte hartu dute eta, bisitei dagokienez, 60 bat lagunek eman zuten izena bisita gidatuak egiteko eta lehenengo aldiz arte sortu berrira gerturatzeko.

Exit mobile version