Ehuntze sormen espazioak eta Metrokoadroka kolektiboak 21 aulki ekimena antolatu dute. Aurtengo edizioan arte plastikoei zirrikitua zabaltzea da asmoa, arte plastikoak literaturarekin elkarrizketan jarriz. Horretarako, Onintza Etxebeste Lirasen Tradizioak/Traizioak erakusketa ikusi ahal izango da, eta Oihana Arana, Goiatz Labandibar, Karmele Mitxelena, Olatz Mitxelena eta Itziar Ugarte idazleek erakusketako arte lanetan oinarritutako testuak idatzi eta errezitatuko dituzte.
Erakusketa urriaren 5etik 21era egongo da zabalik, eta errezitaldia urriaren 13an izango da.
Tradizioak/Traizioak. Hilotzen trama erakusketaren oinarria euskal iruditeriarekin lotutako esanahiak berrasmatzean datza. “Herri-ondare diren irudi tradizionalekin esperimentatzen duen prozesua da, gure erreferente kulturalen kontserbazioaren eta subertsioaren artean sortzen den eztabaidan kokatzen dena. Bada, tradizioari egiten zaion traizioa deliberamenduaren unean hasten da, elementu batzuk gorde eta transmititzea jomugan duen bezala errelato jakinak eraikitzen baititu eta, era berean, beste batzuk kanpoan utzi. Aldeko edo kontrako hautua egiterakoan tradizioari traizionatzen zaio; joerak egonkortzerakoan, traizioa tradizio ere bilakatzen da.”
Onintza Etxebeste Lirasen erakusketan hainbat instalazio daude. Adibidez, argazki zaharrak bildu, zatikatu, editatu, elkarlotu eta zabaldu egin ditu. “Irudien gainean burututako prozedurek imajinarioaren hedapenaren eta erretrakzioaren tarteko bideak dira eta, nolabait, errelato iraunkor eta eraldakorren mugetan posizionatu nahi gaituzte. Tolesdura, ebaki eta muntadurak gainjarrita, traizioak bide ematen dio beste trama bati, narratibaren artikulazio interpretatibo bati.”
