Iruñeko Ziudadelako Arma Aretoak 2024ko Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programaren baitan sortutako proiektuen erakusketa hartuko du, maiatzaren 22tik irailaren 14ra bitarte. Uharte Zentroaren eta Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da.
Bertan hainbat artistaren lanak biltzen dira: Idoia Leache, Marisa Mantxola Gutierrez eta Mikel Usetxi Sarasa, Ignacio Navas, Javier Ozkoidi, Oskia Paternain Erro eta Iñigo Zubikoa Agerri, eta Iker Serrano. Artista horiek 2024ko deialdiko ekoizpen modalitatean hautatu zituzten, eta urtebeteko sorkuntza-prozesuaren ostean, jendaurrean erakutsiko dituzte lanak orain.
Aurkezten diren lanek adierazpen-forma ugari jorratzen dituzte. Idoia Leacheren Take me on piezak industria-prozesuetatik datozen objektuak, ibilgailuen piezak, aireztapen-hodiak, berriz kokatzen ditu, ikuspegi estetiko berriak eskaintzeko. Javier Ozkoidiren Rushes lanean, aurreko lanetako hondakin eta akatsetatik abiatzen da artistaren hausnarketa. Ignacio Navasek Klickflip izeneko argazki-bideojoko baten bidez, eskola-porrota eta identitatearen gaineko gogoetak plazaratzen ditu. Iker Serranoren Latir vegetal lanean, giza esku-hartzeak ingurunean nola eragiten duen aztertzen du. Marisa Mantxola eta Mikel Usetxiren El Atractor. Propaganda luminosa piezarekin gaur egungo propaganda-moduak zalantzan jartzen dituzte. Azkenik, Oskia Paternain eta Iñigo Zubikoaren lana Re(construyendo) memorias da, eta emakume errepresaliatuen memoria aldarrikatzen duen soinu-instalazioa da.
